scieee AI-readable full text Open interactive document viewer

Enciso Santoclides, Marta; Bengoetxea Alkorta, Aitor; Uriarte Zabala, Leire (Zuz.); Mugarra Elorriaga, Aitziber (Ed.) (2021). Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte-ekonomiari buruzko kontakizuna. Madril: Dykinson.

Villafáñez Pérez, Itziar

Full text

239 ISSN 1698-7446 – eISSN 2444-3107 * Harremanetan jartzeko / Corresponding author: Itziar Villafañez Perez. – itziar[email protected] – https://orcid.org/00000002-3423-728X Nola aipatu / How to cite: Villafañez Perez, Itziar (2022). «Enciso Santoclides, Marta; Bengoetxea Alkorta, Aitor; Uriarte Zabala, Leire (zuz.); Mugarra Elorriaga, Aitziber (ed.) (2021). Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte-ekonomiari buruzko kontakizuna. Madril: Dykinson». GIZAEKOA - Revista Vasca de Economía Social, 19, 239-241. (https://doi.org/10.1387/gizaekoa.23738). Jasotze-data: 2022/09/29; Onartze-data: 2022/09/29. ISSN 0214-9001 - eISSN 2444-3255 / © 2022 UPV/EHU Lan hau Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-LanEratorririkGabe 4.0 Nazioartekoa lizentzia baten mende dago GIZAEKOA. Revista Vasca de Economía Social, 2022, 19, 239-241 https://doi.org/10.1387/gizaekoa.23738 Enciso Santoclides, Marta; Bengoetxea Alkorta, Aitor; Uriarte Zabala, Leire (zuz.); Mugarra Elorriaga, Aitziber (ed.) (2021). Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte-ekonomiari buruzko kontakizuna. Madril: Dykinson Itziar Villafañez Perez* Merkataritza Zuzenbideko irakasle agregatua. UPV/EHU. GEZKI Bere izenak adierazten duen bezala, EAEko gizarte ekonomiaren kontakizuna biltzen duen liburua izateko asmoarekin dago idatzia, hau da, lurralde esparru honetako gizarte ekonomia beraren eta berau osatzen duten erakundeen izaera, ezaugarriak, arauketa, eta bestelako inguruabarrak biltzeko asmoarekin. Honela, bere kapitulu ezberdinetan zehar autore ezberdinek EAEko gizarte ekonomiaren kontakizun erkidea, kooperatibena, lan-sozietateena, enplegu-zentru bereziena, laneratzeko enpresena, arrantzaleen kofradiena, eraldaketarako nekazaritza-sozietateena, mutualitateena, elkarteena, fundazioena eta, bukatzeko, ekonomia solidarioari dagokiona jasotzen dituzte. Zenbait dira, gure aburuz, lan honen inguruan azpimarratu beharreko aspektuak: Hasteko, egileen aniztasuna aipatu beharra dago, UPV/EHU (GEZKI institutua), Deustuko Unibertsitateko eta Mondragon Unibertsitateko irakasle eta ikerlariak oro har, eta lantzen diren gaietan adituak. Aurrekoak, aldi berean, aipagarri den beste aspektu bat islatzen du: unibertsitate ezberdinen arteko lankidetzaren ondorio den lan bat izatea, gure lurraldean gizarte ekonomiari lotutako gaietan ohikoa den lankidetzaren isla. Bestetik, diziplina-arteko ikuspegian oinarritzen den lana dugu, EAEko gizarte ekonomiaren ikuspegi osoa aurkezten duena, modu kohesionatu batean. 240 GIZAEKOA - Revista Vasca de Economía Social 19 (2022), 239-241 LIBURU IRUZKINAK / COMENTARIOS DE LIBROS Honela, lehenengo kapituluak gizarte-ekonomiaren kontzeptuaren, edukiaren eta ezaugarrien inguruan azalpenak jasotzen ditu, hau bere testuinguru historikoan eta EAEko esparruaren testuinguruan kokatuz. Autoreak azaltzen duenez, gizarte-ekonomiaren kontzeptu zehatz bat ematea ez da erraza, besteak beste honen barruan koka ditzakegun errealitate anitzak kontuan izanda. Gainera antzekotasunak dituzten termino berrien sorrerak nahasmen kontzeptuala areagotzen du. Hurrengo kapituluetan, aipatutako erakundeak aztertzen dira hurrenez hurren (lehenengo kapituluan aipatutako arazo kontzeptualarekin koherentzian, ekonomia solidarioa ere barneratuz), bakoitzari dagokionez EAEko errealitatea, lege-araubidea, ideia nagusiak (bereziki gizarte ekonomiako erakundeak diren heinean), bere kasuan existitu daitezkeen azpi-familiak, adibide paradigmatikoak, etab. landuz eta azkenik ondorioak eta etorkizunerako erronkak jasoz. Horrez gain, erabilitako erreferentziak eta iturriak ere jasotzen dira, irakurleak aspektu ezberdinetan sakontzea erraztuz (nahiz eta agian argiagoa litzateke haien izaera kontuan izanda iturri motak sailkatzea, bereziki lege-testuak). Egia da kapitulu ezberdinen egitura ez dela guztiz berdina, baina oro har ikuspegi honetatik ere lanak koherentzia maila handia mantentzen du, bere balio praktikoa handitzen duena. Hala ere, esandakoaren eta edukiari buruz egin litezkeen bestelako ekarpenen kalterik gabe, aipatzekoa da gure ustez kapitulu guztiek landuko duten erakunde motaren kontzeptuari atal bat eskaini beharko lioketela, azalpenen abiapuntu. Kasu gehienetan hala egiten den arren (atal espezifiko batean edo sarreran), ez da kasu guztietan gertatzen, hala nola kooperatibei buruzko kapituluan, Nazioarteko Kooperatiben Aliantzak adostutako definizioari eta legeak jasotakoari erreferentzia beharrezkoa litzatekeelarik kapituluan bertan aztertuko den errealitatea ulertzen laguntzeko, gaian aditua ez denaren ikuspegitik behintzat. Hirugarrenik, aipatzen gauden bezala, liburuaren edukia EAEren errealitateari guztiz egokituta dago. Hau da, lurralde ikuspegia momentu oro mantentzen da, kapitulu eta atal ezberdinetan txertatu egiten da (beste lurralde batzuen errealitateei egiten zaizkien erreferentzien kalterik gabe, bereziki Espainiar Estatuari, batzuetan ezinbestez egin beharrekoa dena —esaterako legezko erreferentziei dagokienez—). Horrek berezko balioa ematen dio, ezaugarri espezifikoak dituen ekonomia eta gizarte bati egokituta dagoen heinean, eta izenburuaren esparruari zehazki egokitzen zaiolarik. Aurrekoari lotuta, bertoko esperientzia edo adibide azpimarragarriak jasotzen dira, hala nola Mondragoneko esperientzia kooperatiboa, ikastolak, etab., eta baita gizarte ekonomiako erakundeen lankidetzarako sortutako tresnak (sareak, elkarteak…). Bereziki azpimarragarri diren aspektuen artean, aipatu beharra dago lanaren izaera ez da deskriptiboa, edo ez behintzat bakarrik deskripti- https://doi.org/10.1387/gizaekoa.23738 241 LIBURU IRUZKINAK / COMENTARIOS DE LIBROS boa. Esan bezala kapitulu bakoitzean autoreek ondorio batzuk aurkezten dituzte, eta baita etorkizunerako erronka nagusiak. Hala ere, gure ustez EAEn gizarte ekonomiak berak eta berau osatzen duten erakundeek duten garrantzia eta ikuspegi ezberdinetatik ekonomiari eta gizarteari zalantzarik gabe egiten dizkioten ekarpen handiak gutxietsi gabe, bereziki kapitulu batzuetan ikuspegi kritikoagoa edota guztiz onuragarriak ez diren adierazleak edo zailtasunak jasotzerik zegoen. Azkenik, jasotzen diren eduki ezberdinak gehiago garatzeko eta zehaztapen maila handiagoa izateko aukera dagoela planteatu liteke. Hala ere, kapitulu bakoitzari eskainitako lekua mugatua dagoela ulertu behar da, lanaren izaeraren beraren ondorio dena, kontuan izan behar delarik liburuaren helburua ez dela izan EAEko gizarte ekonomiari buruzko zehaztapen guztiak jasotzea. Gure ustez, eta egindako oharpenen kalterik gabe, bere planteamendu orokorrak, aurkezpenak, landutako gaiek, eta autore ezberdinek emandako azalpenek eta hautatutako edukiek EAEko gizarte ekonomiaren ikuspegi edo argazki nahiko osoa eta argia ematen dute, berriro ere liburuaren izenburuari eta helburuei fideltasunez. Honela, eta azken ondorio bezala, esku artean dugun liburua EAEko gizarte ekonomia ulertzeko oinarrizko tresna bihurtzen da.